XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adar hauek hezurrezkoak izaten dira, mutur askoz hornituak, eta euren tamainak eta mutur-kopuruak animaliaren sasoia erakusten du eta ez adina, askok horrela uste badu ere.

Adar hauek urtero berritzen dira.

Honela, udaberrian, apiril inguruan, arrek bota egiten dituzte adarrak.

Sasoi honetan, oreinaren baitan gertatzen diren aldaketa hormonal batzuen ondorioz, adarren oina lehortu egiten da, eta animaliak zuhaitz eta enborrei kolpeka hasten dira, adarrak askatu arte.

Berehala, eta ehun egunen buruan, arrek adar berriak sortu beharko dituzte.

Normalean, lehen urteko oreinek mutur bakarreko adarrak izaten dituzte; bigarren urtekoek, berriz, hiruna muturreko bi adar izango dituzte: eta, azkenik, orein heldu bikainenak guztira 24 mutur izatera ere irits daitezke.

Irailean, eta euriak eta ihintzak mendi eta basoetako lur lehorrak freskatzen dituenean, basoa biziberritu egiten da.

Iparraldetik datozen uso eta kurriloekin batera, beste hegazti migratzaile asko iristen da bertara, eta oihanak kantuz eta mugimendu ugariz betetzen dira; perretxiku eta onddoek ere orduan dute beren garaia.

Eta sasoi berean, izkutuko agindu bati erantzunez edo, oreinak piskanaka leku jakinetan biltzen hasten dira.

Arrak dira udazkeneko festa honetara lehen iristen direnak, eta beren marruez erronka botatzen diote elkarri, apal samar hasieran, baina, egunak aurrera joan ahalean, geroz eta ozenago, geroz eta sutsuago.

Espeziearen hobekuntza

Azkenean, urriko lehen astean iristen dira emeak.

Eta orduan hasten da benetako marrualdia.

Une horretan, basoaren babesa utzi, eta inguruko larreetara ateratzen dira: emeak arreske, arrak, berriz, emeengatik borrokatzeko prest.

Guzti honek helburu garbia du: jaioko diren oreinkume gehienek ar bikainenaren geneak jasoko dituzte, eta, aldi berean, ar kaxkar eta ahulenek ez dute ondorengorik izanen: eta honela espeziearen hobekuntza ziurtatzen da.

Berehala ar nagusienek eme-talde bat aukeratuko dute, eta beren emeak bilduta mantentzen saiatzen dira, marru bizian.

Beste arren bat hurbiltzen bada, burua makurtu eta adarrez lurra eta sasiak jotzen dituzte, aupaka, harro-harro, eta azkenean, bisitaria izutzen ez bada, borroka gertatzen da: bi animaliak aurrez aurre jarri, eta adarrak ia lurreraino jaitsiz talka egiten diote elkarri; adar-muturrak trabatuta, tira eta bultza aritzen dira, indarrak probatuz, bietako batek amor eman eta alde egiten duen arte

Marrualdia bukatzen denerako, ar nagusiak erabat lurjota geratzen dira, indarrak ahituta, eta batzuetan ez dute hurrengo udaberria harrapatuko.

Hori da, ordea, orein arraren patua: gaztetan ez dute emerik estaltzeko aukerarik, eta, nagusitzen direnean ere, ar bikainenak soilik iritsiko dira pribilegio horretara, eta ez urte askotan, urtero frogatu beharko bait dute beren kemena.

Arrek urtero frogatu behar izaten dute beren kemena.

Erreportaia eta argazkiak: J.R. AIHARTZA

EZAUGARRI.- Berezitasuna, seinalea.

LATZ.- Gogorra.

HORNITU.- Dotado.

SASOI.- Indarra, osasun ona.

HEGAZTI.- Ave.

ONDDO.- Hongo.

LEKU JAKINA.- Lugar determinado.

BENETAKO.- Egiazkoa, zinezkoa. Real, verdadero.

HOBEKUNTZA.- Hobe(tu)+kuntza. Mejora. Era berean: aurrerakuntza, atzerakuntza, antolakuntza...

SASI.- Zarza.

TALKA EGIN.- Topeka egin.